domingo, 18 de diciembre de 2011

Jarduanaldi Gastronomikoak, Debagoienaren alderdirik gozoena ezagutzeko aukera paregabea


Bailarako bederatzi jatetxek parte hartzen dute jardunaldietan, gainontzeko museo, enpresa eta baserriez gain. Bailarako produktuak eta zerbitzu turistikoak bultzatzea da jardunaldi hauen helburua. 
Aitor BIAIN
Ostalaritzaren sektoreak pairatzen zuen egora ikusita, bultzada bat ematea beharrezkoa zutela ikusi zuen Debagoieneko Mankomunitateak. Hori dela eta, sektorea bultzatu baino helburu orokorrago bat bilatu nahian, eskuladeko eskaintza turistikoa zabaltzeko eta indartzeko xedearekin ekin zioten jardunaldiak antolatzeari, Debagoieneko Turismo Departamentuaren eskutik. Badira bi urte, hain zuzen ere, lehen aldiz ekin ziotela ekimen gastronomikoak antolatzeari.


Programa berezi honi esker, Jardunaldi Gastronomikoak Debagoienean murgiltzeko aukera paregabea bilakatu dira, bertako kultura ezagutu eta baita bertako sukaldaritza eta produktuak dastatzeko ere. Jardunaldi Gastronomikoen bederatzigarren edizioa abian da urriaren 28tik abenduaren 11 bitarte. 
Eskualdeko eta garaiko produktuak oinarri moduan hartuta, bailarako bederatzi jatetxek menu desberdinak proposatzen dituzte. Edizio berri honetan, bailarako onddoak eta odolosteak dira protagonista. 
Jatetxeek eskaintzen dituzten menuak, bereziak dira. Prezio berezian eskainiak; 30 eta 40 euro inguruan guztiak ere. Menua zein egunetan eskaini, eta baita menu horren prezioa ere, bere kabuz erabaki du jatetxe bakoitzak.

Oñatin esaterako, Arantzazuko Goiko Benta jatetxea da jardunaldian parte hartzen duen jatetxeetako bat. Goiko Bentak orain arteko edizio guztietan hartu du parte. Bertako sukaldaria eta arduraduna da Miren Maiztegi eta bere hitzetan, bailarako produktuak beti erabili izan dituzte jatetxean. Hau da, orain eskaintzen dute menua ez da lehen eskaintzen zutena baino desberdinagoa; antzerakoa baizik. Aldaketa batzuk izan ditu, besteak beste, bailarako produktu gehiago erabili dituztela esaterako.
Mirenen esanetan, hasieran gauza berri eta ezezaguna zenez, pixkanaka hasi zen jende mugitzen; “orain baina gauzak bestelakoak dira eta erantzun bikaina izaten ari da”. Jatetxera hurbildu direnak, batez ere, bailarako herritarrak izan direla; baina programa berezi honek, herriko gazteak ere erakarri dituela aipatu du. 


Arantzazuko Goiko Benta jatetxeak eskaintzen duen menu berezia, ostiral, larunbat eta igandetan dastatu daiteke; 36 euroren truke. 

Koldo Azkoitia, Mankomunitateko Turismo Saileko arduradunaren arabera, eta jatetxeekin bat etorriz, erantzun bikaina izan du ekimenak eta aurrerantzean aurrera jarraitzeko asmoa dute. Azkoitiaren esanetan,  "jardunaldiek edizio gehiago izango dituzte".

Plateretik baratzera
Menu bereziez gain, jardunaldi gastronomikoetan bestelako ekintzak ere badaude. Esaterako, bertako produktuen jatorria eta ekoizpen prozesua ezagutzeko aukera. Eta honi, eskualdeko eskaintza turistikoa ere, gehitu behar zaio.
Arantzazuko Gomiztegi Baserrian esaterako, euskal artzantzaren inguruko ekitaldiak antolatu dira. Baserrian bertan, artzain eskola baitago. Hori eta jardunaldi gastronomikoak aprobetxatuta, biak programa batean elkartzea erabaki zuten. 


Gomiztegi Baserrian, batetik, baserriaren historia azaltzen da, garaiko familiek nola bizi izan ziren esplikatuz. Eta bestetik, artaldea erakutsi eta artzai txakurrekin erakustaldi bat egiten dute. Azkenik, bisitariei gazta eta mamia nola egiten diren azaltzen zaie, erakustaldi batekin baita ere. Bertako arduraduna den Batis Otaegiren esanetan, “lurrean bertan sortzen den elikagai bat transformatuz, janari goxo bat bilakatzeak duen garrantziaren esplikazioa da bisitaren xedea”.

Horrekin asetu ez direnentzat, bailarako herri bakoitzean eskaintza turistiko zabala ere eskuragarri du bisitari orok. Ondare kulturala, herriz herri ezagutzeko hain zuzen ere. 
Jardunaldi gastronomikoen bederatzigarren edizioaren azken eguna abenduaren 11 dela kontuan hartuta, parte hartzea nahi izatekotan, aurrez erreserbatzea gomendatzen dute. Mankomunitateko webgunean aurkitu daiteke informazio guztia. Gainera, parte hartzen dutenenen artean bi pertsonentzako afari bat zozketatuko dute. Aitzakiarik ez beraz, Debagoiena alde guztietatik ezagutzeko. Bakoitzak erabaki dezala bailara nondik bisitatu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario