lunes, 26 de septiembre de 2011

Basque Culinary Center izeneko sukaldaritza unibertsitatea inauguratu dute Donostian

Goi-mailako sukaldaritza ikasketak eskainiko dituzte Donostiako Basque Culinary Center unibertsitate berrian. Hain zuzen, Miramonen kokatutako zentroaren ateak eguerdian zabaldu dituzte. Bertan izan dira, besteak beste, Espainiako printze-printzesa, Cristina Garmendia Espainiako Gobernuko Berrikuntza ministroa, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia, Isael Zelaa eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako sailburuak, Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea eta Markel Olano EAJko Gipuzkoako batzarkidea.



Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ez da izan inaugurazioan. Izan ere, Espainiako printzeak izan dira han eta Gipuzkoako ahaldunak dioenez “Euskal Herriaren ukazioaren ikur” dira. Hala ere, Juan karlos Izagirre Donostiako alkatearekin batera joan da arratsaldeko zazpietan ekitaldi sozialera, eta han hartuko dute parte. Euskal herriko sukaldari onenak ere ekitaldira hurreratu dira.

Mondragon Unibertsitateak kudeatuko du Basque Culinary Center. 320 ikasletatik hautatutako 56 ikaslek emango diote hasiera unibertsitate berriari. Azpiegitura guztia hamalauko taldeetan lan egiteko antolatu dute, sukaldeak eta tailerrak barne. Gainera, ikerketa zentroa eta dastatzera bideratutako gelak ere badituzte BCCn. Iosu Zabala, Mondragon Unibertsitateko errektoreak dioenez “ametsa” bete dute Goi-mailako sukaldaritza unibertsitatea zabalduta.

Hainbat dira sukaldaritzako unibertsitatean aurki daitezkeen adarrak: jatetxeetan aritzeko sukaldariak; etxeetan zerbitzatzekoak, hau da, cateringa; Industria sukaldaritzari buruzkoa (jantoki handietan zerbitzatzeko, adibidez, ospitaletan), etab.

Basque Culinary Center inauguratu dute Miramonen

Gastronomia Zientzien Fakultatea lehen sukaldaritza unibertsitatea da

Gaur Miramonen, Donostian, Basque Culinary Center (BCC) inauguratu dute, goi-mailako sukaldari ikasketak eskainiko dituen lehen fakultatea. Eguerdian alderdi politiko eta erakunde anitzez gain, Espainiako printzeek ekin diote ekitaldiari. Arratsaldean, ordea, Gipuzkoako ahaldun nagusia den Martin Garitano eta Donostiako alkatea Juan Karlos Izagirre joan dira, hainbat sukaldariekin.


Mondragon Unibertsitateak (MU) kudeatuko du BCC, Iosu Zabala MU errektorearen hitzetan, ikasteko orduan euskara "giltzatzat" erabiliz. Errektorearen ustez, duela asko amestutakoa bete dute. Unibertsitateak jakintza lokal eta globalak irakatsiko dituela argitu du Zabalak, Europan bes Fakultate bakar bat dagoela kontuan hartuz, Italiako Piemontekoa.


Unibertsitateak 56 ikasle -23 Euskal Herrikoak- onartuko ditu lehen kurtsoan, 320 ikasle inguru matrikula aurkeztu badute ere. Hurrengo urteetan 100 ikasleentzako prestatuko dira instalazioak. Ikasleen %45a emakumezkoak dira.

Politika saltzan
Eztabaidak sortu ditu politikarien artean bi ekitaldi antolatu izanak. Martin Garitanok Espainiako printzeak "Euskal Herriaren ukazioaren irudi" direla argudiatu du, eta horrexegatik ez dela eguerdiko ekitaldira joan. Patxi Lopez lehendakariak, berriz, gogor salatu du Bilduko ordezkarien falta lehen ekitaldian.

domingo, 25 de septiembre de 2011

Politikaz jarduten doakie bizitza

Azkunak Bilduri bota dio errua Kukutzaren uztaraztearen ondoriozko istiluengatik

Nola ez, historian zehar hainbat alditan gertatu den bezala berriro ere diruduna izan da garaile herriaren aurrean. Eta atzean zer? Politikaz soilik mintzo diren politikarien zilborra. Denak euren zulora begira, ertzaintzaren armen atzean eskutaturik.

Dakigunez, Kukutza gaztetxea suntsitu zuten larunbat goizaldean. Errekalde (Bilbo) auzoko gaztetxea, 13 urtez kulturgune izan dena, hondar bihurturik dago orain. Baina, Errekalde auzoan Kukutzaren eraizketa lanak jarraitu bitartean bizilagunak protestaka ari dira. Zarata eta Kukutzaren falta izango dituzte hemendik aurrera lagun. Jadanik ezingo dituzte gaztetxeak eskaintzen zizkien jardueretaz gozatu. Hala ere, dirudienez horrek ez dizkio buruko min larri ekarri Bilboko alkateari. Iñaki Azkuna partiduko lehiakideez mintzatu da soilik.

Azkunak dioenez Bildu dago kukutzaren uztaraztearen ondoriozko istiluen “atzean” eta ez duela beste eraikin baten okupaziorik onartuko dio. Bilboko alkatearen aburuz, “bateragune kasuaren” atzoko manifestaldian egon ziren erdia Otegiren alde zeuden eta beste erdia kukutzaren alde.
Bilduk ematen ari dien laguntza begi bistakoa dela dio. Batez ere, ezker abertzalearena, non “antisistemak eta okupak” egon diren.
Kukutza defendatu duten 31 lagunak libre geratu dira karguekin. Ezarritako delituak “desorden publikoa” eta “autoritatearen kontrako jarrera” izan dira.

Euskal mendizale baten gorpua erreskatatu dute Pirinioetan

Atzo salatu zuten bere falta senideek eta gaur arratsaldean aurkitu dute bizkaitar mendizalearen gorpua Foratata mendiko gailurretik ehun metrora
Peña Foratata tontorrera igotzen ari zen 31 urteko mendizale mungiar baten gorpua erreskatatu du  gaur arratsaldean Guardia Zibilak. Senideek bere falta somatu eta abisua eman zuten atzo. Guardia Zibilak berehala ekin zion bilatze lanari. Gaur arratsaldean bere autoa aurkitu dute Formigaleko eski estazioko Melia Aragon hotelaren inguruan, eta ordu bete eskasera aurkitu dute mendizalearen gorpua. Garabi sistema bati esker erreskatatu behar izan dute, gailurretik ehun metrora. 
Itxura guztien arabera, Sallent Gallegon (Huesca, Espainia) kokatzen den Peña Foratata mendia  igotzen ari zen mendizale bizkaitarrak, istripua izan zuen; hain zuen, labain egin eta erorketa bat jasan zuen. Guardia Zibilak gorpua ahoz gorako etzanean zegoela aurkitu du gailurretik gertu, mendiaren mendebaldeko horman.
Hildakoa Laukarizeko (Mungia, Bizkaia) 31 urteko gizonezkoa da (R.B.O.) eta ostegunaz geroztik desagertuta zegoen.

sábado, 24 de septiembre de 2011

Azken bi urteetan diru-laguntzak murriztu diela salatu du Euskal Herriko Ikastolen Federazioak

Ikastolen federazioak “hezkuntza sistema osatzen dutenen arteko akordio zabala” eskatu du
Tolosan egin den 2011-2012ko ikasturte berriaren irekiera ekitaldian izan da Koldo Tellitu Federazioko presidentea. Ekitaldian, Isabel Celaa Hezkuntza sailburua eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere izan dira. Azaldu dutenez aurtengo ikasturtean, guztira 103 ikastetxe  eta 40.000 ikasle izango ditu Euskal Herriko Ikastolen Federazioak.
Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen presidenteak salatu duenez, azken bi urteetan lau milioi eurotan murriztu dira Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak. 
Dena den, “egungo egoera politikoa itxaropentsua” dela eta, “pozik” agertu da Tellitu. “Dirudienez, nahi dugun norabidean doa Euskal Herria, gure gizartea. Zauri gehiegi dituen gizartea da gurea eta hezkuntza zereginentzako ez da erraza", baieztatu du.
Bestalde, Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, “erantsunkizunez” aritu beharreko momentua da, egoeraren “larritasuna” kontuan izanda.
Horrez gain, Euskadin bake eszenatoki bat lortzeko “itxaropena eta konpromesua” azaldu du Celaak. Horretarako hezkuntzak garrantzia handia duela eta ikastolak horren parte izan behar direla azpimarratu du. Gainera, Euskarazko hezkuntzarekiko duen konpromisoa azaldu du tolosako ekitaldian eginiko adierazpenetan.

jueves, 22 de septiembre de 2011

Maria Etxebarrieta: "Kukutzarekin bat gure izana txikitzen ari dira, baina ez diegu utziko"

Asteazkeneko goizeko 5:00etan Kukutza gaztetxea husten ari zirelaren berria zabaldu zen. Gaur, egun bat igarota, gaztetxeko kide eta Errekalde auzokoa den Maria Etxebarrietak gaueko esperientzia gogorra kontatu du.

Nola bizi izan duzu Kukutzaren hustuketa?
Garrasika, negarrez, amorruz eta etsipenaz. Oso bortitza izan da bizipena. Poliziek ateak behera bota dituzte eta barruko lagun guztiak gaseatu eta jipoitu dituzte. Oihuka erantzun diegu, haien armen kontra gure sentimenduak erabiliz. Baina haien hizkuntza bakarrean erantzun dute, kolpeka.


Eta Errekalde auzoan zer erantzun egon da?
Herriak gogor salatu du ere egoera. Baina kaleko agure, ume zein gazteak jipoitu dituzte. Etxeko leihoetara ere tiro egin dute. Lotsagarria izan da. Denda guztiak itxi eta atari guztiak zabaldu dira jendeak babesa behar bazuen. Zorionez, Euskal Herri osoa mobilizatu da.


"Poliziek haien hizkuntza
bakarrean erantzun
dute, kolpeka"

Zer uste duzu gertatuko dela honen ostean?
Kukutzarekin bat gure izana txikitzen ari dira, baina ez diegu utziko, gogor ekingo diegu. Kultura suntsitzearen kontua ez zaigu gustatzen, hori al da haien politika baikorra eta progrea? Hauxe Kukutza III da, ez da lehena. Errekalde auzoak kultur bozgoragailu bat behar du, eta eraikin hau desagertzen bada, beste bat agertuko da.


Eskerrik asko zure hitzengatik.
Zuri. Gora Kukutza! Gora kultura! Herriak jada hitz egin du!

lunes, 19 de septiembre de 2011

40 lagun baino gehiago hil dira India eta Nepal artean lurrikara baten ondorioz

India eta Nepal arteko plaka tektonikoek talka egin dute. Richter eskalan 6,9 ko seismo baten ondorioz 40 lagun baino gehiago hil dira gabean, eta ehunka zauritu dago. Lurrikarak hainbat kalte material eragin ditu hildakoez gain.


Nepaleko barne ministroak, Kumar Sudhir Shahek, esan duenez gutxienez zazpi pertsona hil dira Nepalen, lurrikarak sortutako hainbat edifizioen eraisketa eta beste istripu batzuengatik.
Indiak hartu du kolperik handiena, batez ere Sikkimeko eskualdeak. Bertan 17 bat lagunek galdu dute bizitza eta 100 zauritu baino gehiago daude. Izan ere, Estatu Batuetako Geologiako zerbitzuak seismoaren erdigunea aurkitu du Indiaren iparraldean.

Salbamendu taldeak martxan jarri dira jadanik. Nueva Delhik bidali du laguntzaren gehiengoa zaborren azpian gelditu diren pertsonak ateratzeko helburuarekin, baina, euriteek erreskatea eragozten ari dira. Sikkim eskualdea Himalayako mendikatean egonik erabat inkomunikatua dago; lurrikarak zubiak hautsi ditu eta 31-A errepide nazionala itxi behar izan dute. Hainbat guneetan ez dago elektrizitaterik, ez eta telefonozko eta interneteko konexiorik.


Lurrikararen ostean neurri txikiagoko seismoak egon dira, baina, ez dute beste kalterik eragin. Hala ere, horiek izua eragin dute jende artean.



domingo, 18 de septiembre de 2011

Internetetik kalera, kaletik internetera

Betidanik aldarrikatu ditu idealak gizakiak kalean, manifestaldietarako, kontzentrazioetarako edota hauteskundeetan mitinak egiteko, baina ezberdina da krisi garai honetan kaleen erabilpena. Antzeko aldarrikapenak egin dira lehenago, bai, baina txikiagoak edo laburragoak beti.

Gertuena, seguruenik, 15-Ma izango da, baina mundu osoan horrelakoak maiz gauzatu dira azken urtean. Iraultza arabiarrean, adibidez, plaza famatuenak bete dira botere totalitarioen aurkako aldarrikapenekin. Atzo bertan Wall Street-en bertan batu ziren bankuen eta estatuaren sistema ekonomikoa salatzeko.

Bitxia da fenomeno berri hau; izan ere,  40 urtetik beherako helduek aisiaren ia erdia etxeko ordenagailuan ematen zutela baieztatzen zuten TNS Media Intelligence enpresak eta Frantziako hainbat soziologok, "sapiens Ado techno"  izeneko ikerketa batean. Baina, antza denez, beste erabilera bat eman zaie teknologia berriei.


Gaur egun, Twitter bihurtu da gizartearen bozgoragailua. Twitteretik ohiukatu zituzten aldarrikapen gehienak bai arabian, eta baita 15-Mko akanpadetan. Baina, zoritxarrez, horrek beste fenomeno bat ekarri du: internetetik kalerako deia luzatu ezean, kalean aldarrikatzen zirenak etxetik ohiukatzea. Hemendik aurrera internet bidez egingo al dira iraultzak? Edo alienazio hutsa baino ez du ekarriko?

TRADIZIOA

Tradizioa, Euskal Herriaren kultur ondare garrantzitsuenetarikoa dela esan dezakegu. Berezia, bakarra... Izan da baina euskal gizartearen eta bereziki hedabideen arreta bereganatu duen tradizio bat azken asteotan. Hondarribiko alardea, hain zuzen ere.

Tradizioari jarraiki, gizonezkoak izan dira Hondarribiko alardearen protagonista orain arte. 1996 az geroztik baina, emakumeak alardean presentzia izatera heldu dira. Baina ez nola nahiko presentzia. Kaleko jendeak plastiko beltza jartzen diete beraiek desfilatzen duten bitartean; eta hori gutxi balitz, txistuak eta mehatxuak jasan behar izaten dute. Horrez gain, aurten Herrizaingo Sailak ibilbidea eta ordutegia aldatu dizkio alarde mistoari.
Zilegi al da horrelako momentuak pasa behar izatea, zure herriko tradizio batean parte hartu gura izanagatik? 
Hondarribiarrei ahaztu ez bazaie ere, XXI. mendean gaude eta gauzak ez dira lehen bezala. Guztiak eboluzionatu egin du; edo beste modu batera esanda, aldaketak jasan dituzte. Hizkuntzak, janzkerak, ohiturak eta beste milaka izan dira denboraren poderioz aldaketak jasan dituztenak. 

Eta beraz, zergatik ezin du tradizioak ere eboluzionatu? Zergatik ezin du aldaketarik jasan? Zergatik ez dute ulertu gura, aldaketak jasanda ere tradizio izaten jarraituko lukeela?
Badira urte asko berdintasunerako bidea egiten ari garela. Baina Hondarribiko tradizio honek, herritarrek erakutsitako jarrera guztiz matxistak, zein erakunde eta politikariek izandako jarrerak, atzera pausuak besterik ez dira berdintasun eta normaltasun baten bizi nahi duen gizartearentzako.  

Gomazko ahateak erabili dituzte Mutrikuko jaietan

Gomazko ahateekin ospatu dute Mutrikuko Portuko jaietako ekitaldia. Benetako ahateen kontrako indarkeria ekiditzeko jaietan "bide etikoagoak" erabili behar direla adierazi du Mutrikuko Alkateak.  Gomazko ahateetan dirua jartzea otu zitzaien antolatzaileei , jaietako parte hartzea berpiztu duena. Udalaren ustetan pasaden urtean baino askozaz gazte gehiago bildu ditu proposamen berriak.

Aurreko urteetan ahateak kaian askatzen zituztenean hegoetan ebakiak egiten zitzaien, hegan egin ez zezaten. Azkenengo urteetan, ordea, auzotar askotaz gain, animalien eskubideen aldeko hainbat elkarte salatu dute egindakoa. Hori dela eta, Bilduko zinegotziek eta ATEA elkarteak ekitaldian aldaketak egiteko akordioa egin dute.

Mutrikuko udala eskertu du ATEA elkarteak, baina oraindik jai herrikoi askotan egiten diren ezbeharrak gogorarazi ditu. Elkartearen hitzetan, Euskadiko herritar eta udal askok "beste alde batera begiratzen dute" animalien kontrako indarkeria salatu ordez. Gainera, haien webgunean argitaratutako artikulu batean Animalien Babeserako 6/1993 Legea aipatu dute, ekitaldi asko legez kanpokotzat har dezakeena.

Elkartearen ustez Kataluniako jai askotan egindako aldaketek erakusten duten moduan jaien filosofia eta arima mantendu ahal da nahiz eta animaliak panpinengatik edota beste ekitaldiengatik ordezkatu. Gauden egoeran jarraitzea "bidegabekeria hutsa" dela aldarrikatu dute, eta guztion artean eskubideen aldeko gizartea lortzeko salaketak egiteko deia luzatu du.

sábado, 17 de septiembre de 2011

Berlusconi berriz ere istiluen protagonista

Zortzi lagun akusatu dituzte Berlusconiri prostitutak luzatzeagatik

Fiskal italiarrek zortzi lagun akusatu dituzte italiako lehen ministroari prostitutak emateagatik, Berluskoniren lagun eta lankideei hainbat ikerketa egin ostean Bariko (Italia) hirian. Zortzi lagunak Berlusconiri eta honen bazkide batzuei emakume gazteak eskaintzen dizkiotela adierazi dute ikerketek.

Berluskoni ordea ez da akusatua izan. Honen abokatuek diotenez italiako lehen ministroa ez zen susmagarrien jarduera bidegabeen jakitun. Fiskalak maila altuko prostituzio sare bat ikertzen aritu dira. Dirudienez Giampaolo Tarantini enpresariak zuzentzen du. Akusatuek enpresariari ematen zizkioten emakumeak trukean lana, kontratu bat edo mesedeak eskuratzearren. Enpresariak emakume gazteak, prostitutak eta antzezleak kontratatzen zituen Berluskonik bere etxean egiten zituen jaietara joateko.
Dagoenez, Tarantini Napoleseko espetxean dago estortsio kasu bategatik. Sabina Began izeneko antzezle Alemanak ere karguak jaso ditu. Bestalde, Berlusconik orgiak direnik ezeztatu du, lagun arteko afariak direla esan du. Hala baieztatu dute ere ministroaren abokatuek, Niccolo Ghedinik eta Longo Pierok, komunikatu batean.
Italian 18 urteko prostituta baten zerbitzua erabiltzea onartuta dago, baina, italiako lehen ministroa Milango kasu batean dago akusatua, izatez marokoko 17 urteko neska baten sexu harremanen ordez ordaintzeagatik.


jueves, 15 de septiembre de 2011

Ehunka gazte bildu dira Kukutzan, eraistearen aurka

Bilboko Udalak eraikina eraisteko baimena sinatu zuela jakin zen momentutik ehunka gazte bildu dira Errekalde auzoko gaztetxean, eraikina botatzea galarazteko asmotan. Huste aginduaren mehatxuan egonda ere, Kukutzak bere agenda kulturalarekin jarraitu ez ezik, handitu ere egin dutela adierazi dute gaztetxeko asanbladakoek.
Bilboko Udalak hartutako erabakiaren aurka ekimen ugari egiten ari dira azkenaldian, eta horren adibide garbienak dira Zea Mays eta Anje Duhaldek, gaztetxean bertan, eskainitako kontzertua, edota Pirritx eta Porrotx pailazoak eskainiko duten emanaldia. Datozen egunotan gaztetxeak merezi duen bezala defendatuko dutela adierazi dute asanbladakoek, eta beharrezkoa balitz, neurriak hartuko dituztela.
Tentsio handiko momentuak bizitzen ari dira Kukutza gaztetxean, Ertzaintza edozein momentutan hurbildu daitekeelako eraikina hustera. Sare sozialetan mugimendu handia izaten hari da, eta bertara hurbiltzeko deia zabalduz doa astelehenaz geroztik. 
Gaztetxea defendatzera baino haratago

Gaztetxeko zenbait ordezkari Bilboko Udaletxera joan ziren ordezkari politikoekin hitz egitera. Hogei bat minutuko eserialdia egin ostean, inongo istilurik gabe irten ziren udaletxetik. Hala ere, udalarekin biltzen jarraituko dutela adierazi dute, bai udaletik eta baita Errekalde auzoko bizilagunen elkartetik. 
Horrez gain, eraikinaren jabea den enpresaren atzean ustelkeriarekin lotutako beste bat dagoela salatu dute gaztetxeko asanbladakoek aurkeztutako dossier batekin, eta beraz huste agindua bertan behera uzteko eskatu diete Azkunari, Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Instrukziozko epaitegiari.