lunes, 19 de diciembre de 2011

Gabonetan ere kontsumo ohitura ezberdinak ditu jendeak

Aurtengo gabonetan behar duzun guztia Getxon daukazu” dioen kontsumoa bultzatzeko publizitate kanpaina kalera atera du Getxoko Udalak gabon hauetan

Jone BILBAO

Neguan sartuta abendu bukaeran nola ez, gabonak datoz, eta jendea dena prestatzen dabil egun horietan dena liluragarri egoteko. Udalek kaleak koloreko argiz jansten dituzten bitartean, familia gehienek etxeak goitik behera apaintzeaz arduratzen dira. Horrez gain bi faktore garrantzitsu daude dena ezinhobe atera dadin: gabonetako afari zein bazkariak, eta maiteentzako opariak. Baina, guzti horrek diru gastu handia ekartzen du.

Elikagai goxoak irensteko garai soila ondo aprobetxatu nahi dute supermerkatuek. Izan ere, elikagaiak leku batean zein bestean erosteak gastu hori neurri handitan alda dezake. EAEko supermerkatuak Estatuko garestienak dira. Hiririk garestienen buruan Getxoko udalerria dago, Barakaldok eta Bilbok gertutik jarraitzen dutelarik.

Getxok urtean 7390ko gastua dauka, Estatuak berriz 6804koa. Gastu horren kopuru handia gabonetakoa dela kontuan hartu beharra dago. Garestitze honen arrazoi bat EAEn bi kadena merkeenen presentziarik ez dagoela dio Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundea den OCUk egindako txostenak. Al campo eta Merkadona Estatuko supermerkaturik merkeenak dira, baina, ez daukate EAEn sartzerik. Erkorekak ordea sektorearen zati handia hartzen du. Antonio Joya OCUko komunikazio zuzendariaren arabera Erkoreka oso marka garestia da. Nahiz eta Uvesco talde gipuzkoarrak katea erosi zuenetik prezioak jaitsi dituzten.




Getxoko metroa, kartela: kontsumoa bultzatzeko kanpaina


Getxoko udalak supermerkatu garestienak dituela baliatuz, Gabon hauetan publizitate kanpaina bat atera du kalera. Zera dio: “Aurtengo Gabonetan behar duzun guztia Getxon daukazu”. Getxoko Hegaitz antzerki taldeko antzezle den Lurdes Azkonak kanpaina honetan parte hartu du.
Bere esanetan, Getxok bere udalerriaren merkataritza bultzatu nahi du, gabon hauetan Getxotarrek eta alboko udalerrietako auzokideak Getxora hurbildu eta bertan kontsumitu dezaten. Nahiz eta Getxok supermerkatu garestienak izan, kanpainak ez dituela bakarrik supermerkatuak sustatzen dio Lurdesek, baizik eta hiriko komertzio txikiak ere sustatzen dituela. Hau da, azken batean, “Gabon hauetan behar duzun guztia Getxon” daukazula. Ez soilik elikadurako produktuak.
Lurdesek jakina denez Getxoko kontsumoa bultzatzeko bere zatitxo bat jarri du eta bere iritzia utzi digu, hain zuzen, “kontsumoa berpiztea beharrezkoa” dela, ez soilik gabonetan. Antzezlearen esanetan, batez ere oinarrizkoa da hiriko erdigunean berpiztea eta ez zentro komertzialetan hiriaren kanpoaldean. Izan ere, hiriko erdiguneak bizirik iraun dezaten beharrezkoa da bertan kontsumitzea. Horrela, berak bere udalerrian egingo dituela gabonetako erosketak aitortu digu.




Guztiek ez dute horrela pentsatzen ordea, krisi ekonomikoan sartuta gaudela dio Amparo Castroviejok eta ez dagoela zertan kontsumoa bultzatzerik familiak larri badabiltza. Irakaskuntzako profesionala da Amparo Castroviejo, eta aurreztaile amorratua. Prezioarekin ez du jolasten berak, zenbat eta gehiago aurreztu orduan eta hobe. Baina hori bai, kalitatearen muga gainditu gabe. Supermerkatu merkeenetan ere kalitatezko produktuak aurki daitezkeela dio irakasleak, eta non bilatu jakin behar dela. Gabonetako saskia leku ezberdinetan erositako produktuez osatuko du berak. Errioxara ere hurbildu da prezio baxuko eta kalitate oneko produktuen bila. Bere esanetan, hainbat produktu erosi ditu jadanik kanpoan, esaterako, urdaiazpikoa.
Familiarentzako “oparietan gastatzeko diruaren estimazio bat egiten” duela azaldu digu, eta denboraz hasten dela erosten, horrela, gabon gaberako prezio onena topatzen saiatzen da bera. Izan ere, azkenengo momentuan erostera badoa “beharrezkoa dena baino gehiago erosten” duela esan du eta azken batean “gehiago ordaintzen bukatzen” duela. Opariak ez dituela inoiz azken momentuan erosten eta beti behar dituzten gauzak erosten dituela gaineratu du.


OCU ren arabera marka zuriko produktuetan dago klabea. Bilbotar batek 2900 euro aurreztu ditzake marka zuriko produktuak erostean. Baina, aurreztailearentzat ez dela “arrosazko bidea” dio, izan ere, aurten garestitu diren produktuak marka zurikoak izan direla baieztatu du.


Getxoko udalak ordea, ez ditu auzokide guztiak konbentzitu. Batzuen aburuz, Gabonak dirua xahutzeko eginak daude. EHUko historiako irakasle den Pedro Perezen kasua da hau. Getxoko auzokidea da bera, Leioan bizi da. Telefonoz adierazi digunez , Corte Ingleseko ohiko kontsumitzailea da, eta normalean zentro komertzial eta supermerkatu handietan erosi ohi du denetarik. Pedrok azaldu digunez, gabon eta eguberrirako ezer gutxi erosten saiatzen da, jende asko pilatzen delako eta saltzaileek ez dizutelako arreta bera prestatzen. Pedro Perezek ez du bere burua pertsona kontsumistatzat hartzen, kontrakoa, ez dela batere kontsumista dio, are gutxiago gabonetan. Beharrezkoa denean erosi behar dela dio. Hortaz, festa zehatzetan erostea saihesten du beti, ez bakarrik gabonetan. Pedroren esanetan, erosten jakin behar da eta produktu batzuek, erosi aurretik horiez informazio minimo bat izatea eskatzen dute: “informazio egokia baduzu nekez okertuko zara erositako produktuan”. Modazko produktuetan, arropa kasurako, marka jakin batek ematen dion kalitatea eta garantia bilatzen duela adierazi digu berak.

Dagoeneko konturatu gara bakoitzak bere pentsamoldea duela eta horren arabera jokatzen duela. Betiere, euren eros ahalmena kontuan hartuta. Bakoitzak bere kontsumo ohiturak dauzka, norberak ezarriko ditu erarik zoriontsuenean bizitzeko helburuarekin. Ezarri ahal duzu jadanik zurea?


Getxok kontsumoa bultzatzeko kaleratutako publizitate kanpaina metroan



No hay comentarios:

Publicar un comentario