martes, 22 de noviembre de 2011

Abentura kirolak egiten dituzten kirolariek salbamentua ordaindu beharko lukete PP eta PSE-ren aburuz

Jone BILBAO
(10.Praktika)

EAEn abentura kirolak egiten dituzten kirolariei erreskatea ordainaraztearen alde agertu da Eusko Legebiltzarra. Aldeko botoaren emaleak PP eta PSE izan dira. EAJk, Aralarrek eta UPDk ordea, baztertu egin dute legea.
Osoko bilkuran onartzen badute aurrera egingo du arauak. Era horretan, lau multzotan mailakatu dituzte erreskatea ordaintzeko irizpideak. Bilaketa edo salbamendu lanak pertsonek kirol arriskutsuak burutzeagatik egiten dituztenean; erreskate lanak arrisku seinalea jarrita dagoen lekuetan edo sarbidea mugatua edo debekatua dutenetan egiten direnean, izan ere, langileen bizitza arriskuan jartzen dute; fenomeno meteorologikoen ondorioz alerta laranja edo gorria dagoela egiten direnean, eta zerbitzua "objektiboki justifikatutako arrazoirik gabe" eskatzen denean edo arriskua egotearen itxurak egiten direnean.

Ertzaintzaren sorospen talde bat, 2011ko otsailaren 11n Donostiako
 Ulia mendian erreskate simulazio bat egiten. / JON URBE / ARGAZKI PRESS


Kirol arriskutsuen zerrenda prestatu dute, zerrenda horretan agertutakoak izango dira erreskatea ordaintzera derrigortuta daudenak. Erreskatea betetzeko bitartekoak ere kontuan hartuko dituzte. PPk eginiko zuzenketak aurrera egin dute eta hala, sorospena helikoptero bidez ematen denean, orduko 2.093 euroko kostua izango du eta ibilgailu bakoitzak 38 euroko kostua. Itsasontzia erabili behar badute 383 euro ordainduko dituzte lagundu beharrekoak itsasontziak hemezortzi metro baino gutxiagoko luzera duen kasuetan, eta 2.017 euro, itsasontziak luzera hori gainditzen badu. Bestetik, EAJk, Aralarrek eta UPDk lege proiektuaren aurka egin dute. Izan ere, PPk eta PSE-EEk ez dituzte haien zuzenketak onartu.

Erreskatea ordaindu beharko ez duen talde bat dago. Salbuetsitakoen barne honako hauek sartzen dira: 16 urte baino gutxiagokoak; hondamendi publikoa gerta litekeenean eta hortaz, interes orokorreko arrazoia denean; urritasun psikikoa daukatenak eta erreskatean edo honen aurreko fasean hildakoak.
Erreskatearen ondoren hiltzen badira salbamendua ordaindu beharko dute, salbamendua eragin duten arrazoiengatik hil ez badira.
Lege honen aitzindaria Suitza da. Jadanik ez dute inor laguntzen federatua ez badago edota salbatuko duen asegururik ez badu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario