jueves, 15 de septiembre de 2011

Ehunka gazte bildu dira Kukutzan, eraistearen aurka

Bilboko Udalak eraikina eraisteko baimena sinatu zuela jakin zen momentutik ehunka gazte bildu dira Errekalde auzoko gaztetxean, eraikina botatzea galarazteko asmotan. Huste aginduaren mehatxuan egonda ere, Kukutzak bere agenda kulturalarekin jarraitu ez ezik, handitu ere egin dutela adierazi dute gaztetxeko asanbladakoek.
Bilboko Udalak hartutako erabakiaren aurka ekimen ugari egiten ari dira azkenaldian, eta horren adibide garbienak dira Zea Mays eta Anje Duhaldek, gaztetxean bertan, eskainitako kontzertua, edota Pirritx eta Porrotx pailazoak eskainiko duten emanaldia. Datozen egunotan gaztetxeak merezi duen bezala defendatuko dutela adierazi dute asanbladakoek, eta beharrezkoa balitz, neurriak hartuko dituztela.
Tentsio handiko momentuak bizitzen ari dira Kukutza gaztetxean, Ertzaintza edozein momentutan hurbildu daitekeelako eraikina hustera. Sare sozialetan mugimendu handia izaten hari da, eta bertara hurbiltzeko deia zabalduz doa astelehenaz geroztik. 
Gaztetxea defendatzera baino haratago

Gaztetxeko zenbait ordezkari Bilboko Udaletxera joan ziren ordezkari politikoekin hitz egitera. Hogei bat minutuko eserialdia egin ostean, inongo istilurik gabe irten ziren udaletxetik. Hala ere, udalarekin biltzen jarraituko dutela adierazi dute, bai udaletik eta baita Errekalde auzoko bizilagunen elkartetik. 
Horrez gain, eraikinaren jabea den enpresaren atzean ustelkeriarekin lotutako beste bat dagoela salatu dute gaztetxeko asanbladakoek aurkeztutako dossier batekin, eta beraz huste agindua bertan behera uzteko eskatu diete Azkunari, Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Instrukziozko epaitegiari.

No hay comentarios:

Publicar un comentario